XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bideak berritzen hasiak dira
Begirale bat behar da zaharrei gimnasia emateko.

Joan deneko bi urteotan hizpide izan den asmoa, badirudi egia buhurtzeko zorian dagoela.

Horrela, udaletxetik jaso dugun ohar batek dioenez, hirugarren adineko gimnasia ikastaro bat emateko, begirale bat behar da.

Lan hau hartu nahiko lutekenak, azal bitez udaletxera, hil honen azkenera arteko epea dutelarik.

Bertan emango dira lanari dagozkion oinarri eta xehetasun guztiak.

Behobiatik Donostiara
Bost herritarrek hartu zuten parte, joan zen igandeko korrikaldi honetan, eta egia esan behar bada, oso pozik egon gaitezke egindako lanarekin.

Guztien buru Joan Arrondo izan genuen, eta honen ondoren, Andres eta Joxe Arrondo, Patxi Urrestarazu eta denei atzetik bultzaka, Jon Aizpurua.

Ordu terdi inguru behar izan zuten lanaldia egiteko.

Aien zer egingo? Auskalo!.

Ez da oraingoxe kontua, Aien mediku-kontsultorio baten premia azaldu zela.

Gaur egun, Bikarioetxean egiten da, nahiko baldintza kaxkarretan.

Asmoak asmo, herriak aukera bat eman die auzotarrei: tabernari zati bat kendu, herrikoa denez, eta bertan egin horretarako laguntzak ere errazago lortuko liratekeelako.

Auzotarrek ordea, taberna ikutzerik ere ez dute nahi, eta Beoneko etxe zaharra eros dezala eskatzen diote udalari.

Alkate eta zinegotzien eritziz, gastu handiak ekarriko lituzke erosketa honek, batipat, era txarrean dagoelako eta gainera, etxearen erdia litzatekeelako.

Bideak berritze premian
San Gregoriotik Kaxeta bitartean, bide bazterrak txukuntzen hasiak dira, eta berehala, zoru berria botatzekotan omen dira.

Honekin batera, Altzanipe, Lizardi eta Ubarrieta inguruak ere, estaltzea ez litzateela gaizki etorriko, aipatu zen udaletxean.

Horretarako behar diren pausoak emango dira, eta ingurua itxuragotua geldituko da.

Erreka bazterrean ere, bidelege bat egiteko asmoak ere badira.

Jexux Aizpurua.